lunes, 22 de junio de 2009

2010ean TXOSNAK ELIZAN!


Sopelako Txosna Batzordea ez dago ados azken bi urteetan txosnek izan duten kokapenarekin.
Gure iritziz, eta askotan adierazi dugun moduan, kokapenik egokiena elizaren aurreko errepidea litzateke arrazoi ezberdinengatik:
-Leku ziurragoa da bai egunez zein gauez.
-Sargune eta irteera ugari ditu.
-Herri erdigunetik hurbilago dago.
-Tabernetatik eta jai girotik hurbilago aurkitzen da.
-Egunez burutzen diren ekintzak, partehartzaileagoak dira hemen, eta honekin batera, etortzen den jendearen adin esparrua zabalagoa da.
Hala eta guztiz ere, eta nahiz eta gure iritzia mantendu, desadostasunak gainditu nahian, Txosna Batzordetik hurrengo proposamena helarazi genien alderdi politiko guztiei:
Txosnen kokapena eliza eta loroño artean txandakatzea, hau da, urte batean elizan eta hurrengoan loroñon txandakatze sistema bat jarraituz.
Alderdiek jarrera ezberdinak hartu zituzten gure proposamenaren aurrean. Alde batetik, ANV, Berdeak, Ezker Batua eta PSOEk begi onez ikusi zuten, PNV eta PP aurka agertu ziren eta EAk ez zuen bere iritzia eman.
Gure proposamena udal pleno batetan sartu ahal izateko mozio bat idatzi genuen eta Berdeak ANVren babesarekin aurkeztu zuen. Gaiaz hitz egiteko lehenengo ahalegin hau PNV moztu zuen eta mozioa ez zen aurrera joan.
Maiatzaren 28ko plenoan ANV alderdia gure proposamena urgentziazko mozio bezala sartzen ahalegindu zen baina; urgentziazko mozio bat plenoan aurkezten denean, lehendabizi urgentea den ala ez bozkatu behar da. Hau da, gaiaren premia bozkatu behar da gaiari buruz hitz egin baino lehen. Kasu honetan PNV, PSOE eta PP urgentziari ezezkoa eman zioten.
Emaitza txosna batzordearen hitza isildua izan zela eta gaiari buruzko eztabaida ez zela eman agintzen dutenak horrela erabaki zutelako.
Ezin ditugu burutik kendu hurrengo galderak; Zeren beldur dira? Zergatik ez dute txosnen kokapenari buruz hitz egin nahi? Ez al da izango argumenturik ez dutelako haien harropuzkeria eta inposizioa defendatzeko?
2010ean Txosnak Elizara!

No hay comentarios:

Publicar un comentario